«Apitoxina, kortikoideak edo penizilina baino 80 aldiz eraginkorragoa da»

  • Angel Jimenezek 6 erlauntza dauzka Ereñotzun. Bertako erleakapiterapiarako erabiltzen ditu. Orain bi urte hasi zen terapia hori lantzen, amaren osasun arazoari erantzunez. Urte hauetan formatuz joan da eta egun, hainbat pazienteren gaixotasunei egiten die aurre: kisteak, barizeak, minbizia, artritisa...

Apiterapia lantzen duzu, hau da, erleen pozoia erabiliz gaixoak tratatzen dituzu.
Hori da. Apiterapia medikun­tza alternatibo edo osagarria da. %100ean naturala da eta batez ere, erleen pozoia aplikatzean oinarritzen da, erleen ziztadaren bidez. Pozoiari apitoxina deitzen zaio. Terapia honekin gaixotasun askori egiten zaie aurre.

Ze gaixotasuni?
Onura terapeutikoak, batez ere, hiru motatakoak dira: analgesikoak, antiinflamatorioak eta inmunomoduladoreak dira. Horrez gain, oso lagungarria da beste hainbat kasutan. Honako efektuak ditu: basomotora da, hipotensora, antikoagulantea, antidepresiboa, antibirala, antikantzerigenoa… Inflamazioa duten gaixotasun guztiei aurre egiteko da eta gaixotasun autoinmuneei aurre egiteko, hauek gehienak inflamazioak sortuak baitira. Kortikoideak edo penizilina baino 80 aldiz eraginkorragoa da.
Lagungarria ere bada ehunak berritzen. Beraz, zimurrak kentzeko ere aproposa da. Orain botox bezala erabiltzen hasi dira. Izan ere, apitoxinak azido hialuronikoa dauka, besteak beste.

Eta emaitzak argiak dira?
Ni, adibidez, bizkarreko minez egoten nintzen lehen, hernia bategatik eta orain ez dut minik izaten. Etorri izan zaizkit barizeengatik ere, eta 7 asteko terapiarekin desagertu egin zaizkie, beste batzuei kisteak txikitu izan zaizkie ia desagertzeraino, artritisa arindu, artrosis… Mila gaixotasun baino gehiago daude. Batzuei efektu gehiago edo gutxiago egingo die, baina denek hobera egiten dute; hori dudarik gabe. Eta askori, kirofanotik pasa beharra saihestu. Oinaze haundiak dituztenak ere, zain egoten dira saioa noiz iritsiko. Laugarren astetik aurrera hasten dira nabaritzen pazienteak hobekuntza.

 

«Bi segundoko ziztadak izaten dira, mikrodosiak; hau da, pozoi guztiaren %10a bakarrik»


Nolatan hasi zinen apiterapia lantzen? Aurretik erleekin ibili izan zara?
Nere amak urteak zeramazkien gaizki. Mina zuen toki guztietan eta ezin zela ezer egin esaten ziguten medikuek. Interneten bila hasi nintzen eta hauxe to­patu nuen. Probatzea erabaki ge­nuen. Madrilen topatu nuen terapia honekin lan egiten zuen pertsona bat, baina haraino joan beharra ez zen praktikoa. Pix­kanaka ni hasi nintzen forma­tzen. 2 urte daramazkit orain. Eta aurretik ez nituen erleak. Nere ama Galiziakoa da eta han, gure familiak ohitura izan du beti erleak edukitzeko eta eztia egiteko, eta txikitan ibili izan naiz, baina besterik gabe.

Ikastaroren bat edo formakuntza jaso duzu?

Bai. Hasieran, apiterapiaren inguruan informatzen hasi nintzen eta hemen inguruan Jaione topatu nuen. Donezte­ben dauka lokala. Berak apiterapia lantzen du eta berarekin joan nintzen sakontzen. Berak, berriz, Alberto ezagutu zuen, Iruñakoa. Horrez gain, Txileko elkarte bat ezagutu nuen, Bee Natura, eta elkarteko Vicente Ferrer apiterapeutak ikastaro bat eman zigun hamar bat laguni: estatuko jendeaz gain, Portugal, Kuba edota Frantzia­tik ere etorri zen jendea. Titulua atera nuen, horrela. Orain, beste ikastaro bat hastear naiz, errumaniar batekin, Stefan Stangaciu apiterapeutarekin.

Hemen ez dagoela oso garatua dirudi… zergatik?
Medikuntza konbentzionalari eta farmazeutikoei ez zaie komeni. Arlo horretan sortu den negozioaren kontra doa. Terapia hau garatua dago batez ere, herrialde komunistak izan direnetan: Errusia, Errumania… Nik hemen ezagutzen ditut, bakarrik, 2 lagun Nafarroan eta 3 Bizkaian. Gipuzkoan ere badaude talde batzuk, baina taldeko kideen artean egiten dituzte terapiak.
Hori bai, gure artean asko hitz egiten dugu eta elkar lagun­tzen gara. Mediku batzuekin ere badugu harremana. Egia esan, ez da erraza izan formatzea.

Azalduko zenuke nola egiten duzun lan?

Hasteko, paziente bakoitzari alergiaren proba egiteko esaten diot eta ziurtagiri hori daukadanean, beste proba bat egiten diot. Ziztada batekin probatzen dut eta gero erreakzioa ikusi. Medikuaren partearekin etortzeko ere esaten diet, bakoitzak ze gaixotasun daukan jakiteko eta horren arabera ze terapia egin jakiteko. Izan ere, ni ez naiz medikua, apiterapeuta baizik.
Dauzkadan pazienteen arabera, egun horietan zenbat erle beharko ditudan kalkula­tzen dut eta erlauntzetara joaten naiz. Kutxa txiki bat daukat, erlauntza ondoan jartzen dut, erleak atera eta sartu ibiltzen diren lekuan, eta behar ditudan erleak har­tzen ditut. Ondoren, terapian, erlea pintza batekin hartzen dut eta pazientearen gorpu­tzean, komeni den lekuan jartzen diot. Ziztatu aurretik eta ondoren, gel bat jartzen diet. Urnietako Osane belardendan egiten dut terapia. Astean bi egunetan aritzen naiz.

Zenbat ziztada izaten dira saio bakoitzean?
Pertsonaren arabera da eta daukan gaixotasunaren arabera. Batzuei erle bat edo bi jartzen dizkiet, beste batzuei gehiago… nere amari 14 erle jartzen ari naiz azken aldian. Esaten dute 15etik gora hobe dela ez jarri, baina gaixotasun batzuekin 20tik gora ere jar­tzen dira. Astean zenbat saio ere, pertsonaren arabera da. Adaptazio fasean, adibidez, normalean astean erle bakarra jartzen dut.
Terapia berriz, 6 astekoa, 6 hilabetekoa, urtebetekoa edo gehiagokoa izan daiteke, daukazun gaixotasunaren arabera.

Minbera izango da, ezta?
Ez, ez. Kontuan izan behar da bi segundoko ziztada izaten dela eta ez dela ezten osoa sartzen. Naturalki erle batek pikatzen zaituenean, ezten osoa sartzen dizu eta pozoi guztia.Apiterapian, mikrodosiak izaten dira, hau da, pozoi guztiaren %10a bakarrik.
Eta badaude beste metodo batzuk ere. Mikropuntura adibidez. Eztena kentzen zaio erleari eta akupuntura bezala aplikatzen da. Beldur haundia dutenekin egiten da edo gauza txikietarako, arinetarako, izan ere, ez da hain eraginkorra.
Zenbait produktu ere sal­tzen ari dira, kremak eta halakoak, apitoxina dutela esanez. Hori ez da egia, erlearen pozoia eztenetik ateraz gero, galdu egiten baita. Eta pentsa, 10.000 erle behar dituzu gramo bat lortzeko. Hori dena gezurra da.

Pazientea aurrez, tratamendu batekin baldin badago eta botikaren bat hartzen ari baldin bada, konpatiblea al da?
Bai. Eta nik ez diot inoiz esango botika edo tratamendu hori uzteko. Hori gero paziente bakoitzak ikusi behar du. Apiterapia inmunoterapia da, hau da, ez du gaixoa sendatzen. Lagundu egiten du sendatzen. Gorputza orekatu, erregulatu egiten du. Defentsak nibelatu. Behin sistema inmunologikoa ondo dagoenean, sendatzen hasten da gorputza bera.

Erlauntzatik hartzen dituzun erleak hil egiten dira ziztatu ostean. Erle asko beharko dituzu…
Erle zaharrak hartzen ditut, hau da, erlauntza kanpoan dabiltzanak. Horiek egun gu­txira hilko dira bestela ere. Sei erlauntza dauzkat eta dauzkadanekin moldatzen naiz. Paziente asko izango banitu, erle gehiago beharko nituzke, noski. Nere asmoa bada 6 erlauntza gehiago jartzea datorren urtean.
Hori bai, arazoa daukagu liztor asiatikoarekin. Zerbait egin beharra dago.

Erle gehiago jartzeko asmoa duzu, beraz.
Apiterapian gehiago sakondu nahi dut. Osotasunean landu nahiko nuke, hau da, erleek edo erlauntzak berak ematen dituen produktu guztiekin egin lan: eztia, propoleoa, polena, jalea real… Eztia orain hartzen dut, baina etxerako bakarrik. Propoleoarekin hasi nahiko nuke. Erlauntzaren barruko airea ere oso ona omen da asmatikoentzat. Eta osotasun hori eman ahal izateko eta paziente gehiago hartzeko, lokal propioa ere eduki nahiko nuke. Pixkanaka joango gara. Egia esan, bi urte daramazkit apiterapiarekin eta asko gustatzen zait. Gaixotasun berriak ezagutzen zoaz, informatzen, ikasten, laguntzen… Etengabe ari zara